Arrats elkartea ESEN (Espetxe Sarea Euskadi-Nafarroa) sarearen barruan dago. Sare hori Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako espetxeetako gizarte-erakundeen sarea da, eta 2010an martxan jarri eta gero, 2014ko ekainean aurkeztu zen jendaurrean, prentsaurreko bat antolatuaz. ESEN sarea 2013an Madrilen sortutako ROSEP sarean (Red Estatal de Organizaciones del Entorno Penitenciario) integratuta dago.
Urte hauetan guztietan elkarrekin egindako lan honetatik, jardunaldiak eta hausnarketarako guneak antolatzeaz gain, espetxe-eskumenen transferentziari buruzko posizionamendu dokumentu bat egin genuen, sareko erakunde guztien artean adostua, eta Arrats elkartetik babesten jarraitzen duguna.
Espetxe transferentzien garrantziak, batez ere, askatasunik gabe dauden pertsonen beharrei hobeto erantzutea ekarri behar du.
1.ESENek espetxe-eskumenak Eusko Jaurlaritzaren ardurapean egotea defendatzen du.
2. Lehenbailehen gizarte eragileek eta erakundeek elkarrekin parte hartzeko mahai bat bultzatu beharko litzateke, Euskal Autonomia Erkidegoan askatasunik gabe dauden pertsonen arreta antolatzeko eta planifikatzeko, eta horrela transferentziak gure gain hartzen direnerako plana eta antolaketa egina izateko
3. Espetxe-transferentziek 4 oinarri sendo izan behar dituzte:Gizarte-, hezkuntza- eta osasun-zerbitzuen laguntza irmoa,Adostasun sozial garrantzitsua,Aurrekontu nahikoak,eta helburu humanizatzaile bat askatasunaz gabetzeko zigorraren aplikazioan.
Ildo horretan, gogorarazi behar dugu gizarte-zerbitzuen arloko euskal legeriak (Gizarte Zerbitzuen Legea eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretua) ez duela presoen kolektiboa aipatzen. Zuzenketa egokiak egin behar dira Gizarte Zerbitzuen Zorroan, presoen arretan eragozpen tekniko edo administratiborik egon ez dadin.

4. Gizarteratzeko banakako ibilbideak defendatzen ditugu. Presoen eskubideak bermatzeko, arreta espezifikoa, espezializatua, indibidualizatua eta kolektiboa bermatu behar dugu. Horretarako, egoitza eta arreta-plazak sortu eta hornitu behar dira komunitatean, familia-laguntzarik ez duten edo hezkuntza, psikologia, mediku, jokabideak kontrolatzeko edo prestakuntza eta lan-programa espezializatuak behar dituzten presoak artatzeko.
5, Euskal Autonomia Erkidegoan kartzela gehiagorik ez. Ez dugu babesten Euskal Autonomia Erkidegoan espetxe berriak eraikitzea. Espetxealdia bete behar dutenen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan nahikoa izango litzateke Arabako espetxearekin, eta CIS edo Mendeko Unitateak bultzatu beharko lirateke presoei arreta emateko erreferentzia-zentro gisa: Bizkaian CIS bat eta Gipuzkoan beste bat beharko eraikiaz. Horrek esan nahi du pentsamoldea aldatu behar dela zigorrak ezartzean eta espetxe-tratamenduan, neurri alternatiboak ahalik eta gehien sustatzeko (erregimen irekia, baldintzapeko askatasuna, zentro espezializatuetako betetzeak, gizartearen aldeko lanak, etab.).
Ildo honetan garrantzitsua deritzogu epaile, abokatu, fiskal, eta beste eragileekin lan eta hausnarketa espazioak bermatzen jarraitzea. Arrats elkartetik urteak daramatzagu sentsibilizazio ekintza hauek antolatzen, epaitegietan bertan ezarri daitezkeelako espetxearen ordezko neurriak edo espetxe-zigorra hasieratik hirugarren graduan betetzeko aukera.
Lan honi jarraipena emanez, ESEN saretik 2019an “Espetxearen alternatibak: errealitatea eta erronkak” Jardunaldiak antolatu genituen, helburua beste zigor eta espetxe eredu bat planteatzea izan zen: espetxeratzearen ordezko neurriak aztertuaz.